XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Nire aita itsasontzi txiki bateko kapitaina da, eta bere irteerak hilabetekoak izaten dira gutxi-gora-behera, Azores edo Kanarietako itsasoetara.

Behin baino gehiagotan esan diot aitari arrantzale izan nahi dudala.

-Badakit Jaione -erantzuten dit irrifar batez, eta amari keinu konplizea eginez.

- Eta eramango al nauzu egunen batean zurekin batera itsaso zabalera egun batzuk pasatzera?

-Jaione, oraindik txikiegia zara, ur putzu handi horretan gertatzen diren arazoak jasateko.

- Gezurra!

- Zu baino lehenago joango naiz ni! zirika egiten dit anaiak Mutila naizelako!

- Matxista! -erantzuten diot nik haserre.

Beti gara berdin, baina nik badakit egunen batean aitak berarekin itsasora eramango nauela.

Udaberriko egun horietako bat zen. Ama eta Jon, nire neba, Donostiara joanak ziren asteburu osoa aiton-amonak bisitatzera. Eta aita eta biok bakarrik geratu ginen.

Biok bakarrik eta, ez zitzaidan ezer hoberik bururatu proposamen hau egitea baino. Aitak itsasontzia libre zuenez, ea itsasora hiru egun haiek pasatzera aterako ginen galdetu nion.

Ez dakit zergatik, baina baietza eman zidan.

Gauza bakarra eskatu zidan ordea. Ezer ez aipatzeko ez amari, ez anaiari, ez eta aitonari ere. Nik, harriturik, baietza adierazi nion buruaz.